Olentzero jauna:
Laster Mari Domingi eta zu Iruñera etorriko zaretela entzun dugu. Alde Zaharreko bizilagunik gazteenak gara, azkenengo bi urteetan jaioak hain zuzen, gutariko askok laster jasoko dugu zure lehenengo bisita, batzuk aldiz, bigarrena…
Alde Zaharrean jaio eta bizi gara, silletetan, ama edota aitaren altzoan seguru merkatuan, San Frantzisko plazan edota Mercaderesetik paseoan ikusi gaituzula.
Tamalez gure auzoa laster utzi BEHAR dugula esan digute, zertarako eta beste haur eskaldunekin eskolan egon ahal izateko. Eta ez dugu ulertzen zergatik ezin garen gure auzoan euskarazko haur eskola batean egon. Agian niniak baino ez garelako, hau da, oso inozoak garelako? Agian zuk, abestiak esaten duen bezala “entendimenduz jantzia” zarenez, azaldu ahal diguzu… Gure anai-arrebak, lehengusuak eta lehengusinak San Frantzisko eskolan (Alde Zaharreko eskola publikoan) D ereduan matrikulatuta daude (auzoko eskolako haurren %70a baino gehiago direla esan digute). Hala ere, 3 urte bete arte auzotik kanpora joan behar dugu euskaraz hazi eta hezitu nahi badugu. Gure gurasoak goizero beste auzo batera eraman behar gaituzte (edo beste herri batera!), aukeratu ez duten beste eredu batean matrikulatzen gaituzte edo plazarik gabe gelditzen gara.
Aurten oso zintzoak izan gara (bihurriak izateko apenas astirik ez dugu izan) horregatik guretzat oparirik onena litzatekeena eskatzeko idazten dizugu: Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz nahi dugu! Auzoan bizi garelako, euskaldunak garelako eta eskola publikoa maite dugulako.
Gure eskaera kontutan hartuko duzulakoan agurtzen gara.
Mila esker, Olentzero, herritar txikien ahotsak entzuteagatik!