Nafarroako Gobernuak, urtarrilaren 19an argitaratu zuen ebazpen baten bidez, Gobernuaren Haur Eskoletan lan egiteko lan-eskaintza publikoa egin zuen. Deialdia atera berri da eta horretan agertzen den arabera [euskaraz ez dute argitaratu, baina], aurkezten denei eskatzen dieten baldintzen artean, euskara ez da agertzen, ez betebehar ezta meritu bezala ere.
Deialdi honen bidez, 5 urtetarako iraupena izanen duen langileen zerrenda osatuko da, eskola horietan behin-behineko lana egiteko.
Gure auzoan aspalditik aldarrikatzen ari gara, auzoan euskarazko zerbitzua eskaintzen den Haur Eskola batera haurrak eramateko eskubidea izan behar dugula. Alde Zaharreko guraso askok (ditugun datuen arabera, gehienek) gure haurrak euskara ikastea nahi dugu. Eta Alde Zaharrean dagoen Haur Eskolak aukera eskubide hori bermatu beharko digula.
Hain zuzen ere, Alde Zaharrean dugun Haur Eskola bakarra, Nafarroako Gobernuarena da, berea da horren eskumena. Eta deialdi horren baldintzak ikusirik, argi da Nafarroako Gobernuak ez duela inongo borondaterik, bere Haur Eskoletan, euskarazko zerbitzua nahi dugu herritarroi gure eskubidea bermatzeko.
Deialdi honen zerrendarekin, heldu den 5 urteetarako langileak hautatuko direla kontuan harturik, erabaki honek Alde Zaharreko haurren etorkizuna baldintzatzen du. Izan ere, Alde Zaharreko Haur Eskola euskarazko zerbitzua ematea eskatzen dugunean, "langile euskaldunik" ez dutela aitzakiatzat jarriko du gure eskaerari uko egiteko. Baina hau, horrela gertatzen bada, langile euskaldunik ez kontratatzea kontzienteki hala erabaki dutelako.
Horretxegatik guztiagatik deialdi honen baldintzak salatu nahi ditugu, berriro ere Alde Zaharreko Haur Eskolak euskarazko zerbitzua eskaini dezala aldarrikatuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario