Berria
2014/03/26
Euskalgintzako taldeek, Sasoia elkarteak eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuek jaso dituzte datuak, matrikulazio kanpainan
Udalari emanen dizkiote, eta lan saioa egiten ahaleginduko dira hiriko agintariekin
|
Euskarazko haur eskolen aldeko elkarretaratzea,
Iruñeko udaletxearen aurrean, joan den otsailean. / JAGOBA MANTEROLA /
ARGAZKI PRESS |
Edurne Elizondo,
Iruñea
Guraso iruindar anitzek euskarazko haur eskolak nahi
dituzte Nafarroako hiriburuko auzoetan beren seme-alabentzat. Ondorio
hori mahai gainean jarri dute Nafarroako euskalgintzan ari diren
taldeek, Sasoia elkarteak eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuek. Erakunde
horiek guztiak eskaera ezagutzeko datuak biltzen aritu dira haur
eskoletarako matrikulazio kanpainak iraun duen bitartean, Iruñean:
denera, bostehun jaso dituzte. «Eskaintza halako hiru da eskaera»,
nabarmendu du Sortzen-eko Nafarroako koordinatzaile Gari Torregrosak.
Martxoaren
3tik 18ra aritu dira kanpaina abian jarri duten taldeetako kideak,
txandaka, gurasoen erantzunak jasotzen, Iruñeko Udaleko Gizarte
Ongizateko Zerbitzuen egoitzan. Euskarazko haur eskolen alde jasotako
bostehun erantzun horietatik, 21 bazter utzi dituzte, 2011n jaiotako
haurren gurasoenak zirelako; hau da, datorren ikasturtean jada Haur
Hezkuntzan ariko dira ume horiek. Bertze hamahiru gurasok bertze hainbat
herritarako eskatu zuten haur eskola euskaraz, eta horiek ere,
ondorioz, ez dituzte zenbatu.
Jasotako 466 eskaerentzat ez da
tokirik izanen datorren ikasturtean Iruñeko haur eskoletan. Izan ere,
eskaintza osoaren %11,7 baino ez da, gaur egun, euskaraz. Hau da,
eskaintzen diren 1.399 tokietatik bakarrik 164 dira euskaraz. Iruñean
dauden hemezortzi haur eskoletatik bi bakarrik dira hizkuntza
horretakoak, eta biak daude auzo berean: Txantrean. Egunsenti haur
eskolan 82 toki badira, eta bertze 82 Izartegin.
«Urtero, Iruñeko
Udalak uko egin dio euskarazko haur eskolen eskaera neurtzeari.
Badakitelako handia dela, eta, txikia izanda ere, euskaldunoi auzoko
haur eskolan gure hizkuntza hautatzeko eskubidea dagokigu», ohartarazi
du Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide Gorka Iriartek.
Joan den
larunbatean ere, iruindarrek euskaraz bizitzeko eskubidea eta gogoa
aldarrikatu eta zabaldu zituzten, hiriko karriketan egindako
manifestazioan, Iriartek gogora ekarri duenez. Euskarazko haur eskolak
izateko beharra nabarmendu zuten, bertzeak bertze, protesta horretan.
Iruñean aspaldikoa da herritarrek euskarazko haur eskolen alde sortutako
mugimendua, eta azken hilabetean karrikara ere atera dira auzoetako
gurasoek osatu duten plataformako kideak.
Iruñeko Udalari hainbat
aldiz eskatu diote orain euskalgintzak, sindikatuek eta Sasoiak egin
dutena; hau da, eskaera ezagutzeko datuak jasotzea eta erantzuna ematea.
Baina, orain arte, ez dute lortu urratsik udalaren eskutik. Benetako
eskaera mahai gainean jarri nahi ez izatea egotzi diete Iruñeko
agintariei. «Orain erori dira mozorroak; agerian gelditu da egia, izen
eta abizenekin: 466 eskaera jaso ditugu, eskaintzen dituzten 164 toki
horiek baino 302 gehiago», nabarmendu du Torregrosak.
Elkarlanaren eskutik
Euskalgintzak,
Sasoiak eta sindikatuek egin duten kanpainaren arrakasta nabarmendu du
Kontseiluko kide Maite Indak. «Herritarrek euskaraz bizi nahi dute, eta
jaso ditugun datuek hori uzten dute agerian». Lan horretan elkarlanean
aritu diren taldeen ahalegina ere eskertu du Indak. Denera, hain zuzen
ere, martxoaren 3tik 18ra, 48 lagun aritu dira gurasoen artean
euskarazko eskaerari buruzko datuak hartzen, txandaka.
«Bostehun
eskaera jaso ditugu, eta gu ez gara saiatu inor konbentzitzen», azaldu
du Indak. Galdera zehatza egin zieten matrikulazio kanpainaren harira
Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate Zerbitzuen egoitzara hurbildu ziren
gurasoei: ea auzoan haur eskola euskaraz izanez gero harat eramanen ote
lituzketen seme-alabak.
Eskaera jasotakoa baino zabalagoa izan
daitekeela ohartarazi dute euskalgintzako kideek, guraso guztiek ez
dutelako bulego berera jo haurren izena ematera. Ondorioz, euskararen
aldeko hautua azaldu nahi duten gurasoei posta elektronikoaren bidez
azaltzeko aukera eman diete, haureskolakeuskaraz@hotmail.com helbidean.
«Iruñeko
auzo guztietan behar ditugu euskarazko haur eskolak. Herritarren
eskubide bat da; zerbitzu publiko bat da, eta administrazioak bermatu
behar du», nabarmendu du Kontseiluko ordezkariak. Hori da, haren ustez,
datuen bilketak agerian utzi dituen ondorio nagusietako bat.
Proposamen
hori mahai gainean jartzeko, hain zuzen ere, jasotako datuak Iruñeko
Udalari emanen dizkiote euskalgintzako taldeek eta kanpainan parte hartu
duten bertze elkarteetako ordezkariek. Haien asmoa da lan saio bat
egitea Iruñeko Udaleko arduradunekin, euskarazko haur eskolaren auzia
jorratzeko, eta, behingoz, «egungo egoera atzean utzi ahal izateko».
«Hori exijituko diogu udalari», erran du Gari Torregrosak, eta orain
arte jarritako oztopoak salatu ditu. «Egoera aldatzeko beharra dago».
Eskariak auzoz auzo
Auzoa |
| Eskariak |
Etxabakoitz |
| 8 |
Donibane |
| 43 |
Mendebaldea - Irunlarrea -Ermitagaña |
| 15 |
Iturrama |
| 20 |
Txantrea |
| 35 |
Ezkaba |
| 8 |
Arrotxapea |
| 83 |
Buztintxuri |
| 46 |
Sanduzelai |
| 19 |
Mendillorri |
| 45 |
Azpilagaña - Arrosadia -Milagrosa |
| 36 |
Alde Zaharra |
| 64 |
Lezkairu - Erripagaina |
| 13 |
Zabalgunea |
| 31 |