2014/03/10

Eskaera Parlamentuari

Gure plataformak idazki bat zuzendu die Nafarroako Parlamentuko oposizioko talde politikoei, guraso talde honen eskaera beregain har dezatela.
Idazkian azaltzen den moduan, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen Haur Eskola, Iruñeko eta Nafarroako beste hainbat eskola bezala, Nafarroako Gobernuko Politika Sozialen sailaren eskumenekoak dira.
Alde Zaharreko Haur Eskolan, Nafarroako Gobernuaren gainontzeko Haur Eskola guztietan bezala, hizkuntzaren aldetik eskaintza bakarra dago, gaztelaniaz, euskara baztertua gelditzen dela.
Iruñeko Alde Zaharreko gurasoen aldetik, agerikoak diren datuen arabera, oso altua da zerbitzu honetan euskarazko eskaera. Horregatik ez da logikoa ezta bidezkoa ere, auzo honetan Gobernuak kudeatzen duen Haur Eskola honetan euskarazko zerbitzurik jasotzeko aukerarik ez egotea.
Horretxegatik guztiagatik honako eskaera zehatza beregain har dezatela eskatu diegu Nafarroako Parlamentuko oposizioko talde politikoei, honen inguruko adierazpen instituzionala egin dadin.
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premia dezala, Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen haur eskoletan, esaterako Iruñeko Alde Zaharreko Haur Eskola, azter dezala zein den gurasoen eskaera hizkuntzari dagokionez. Hau da, azter dadila, Haur Eskola garaiko haurrak dituzten Alde Zaharreko gurasoen artean zein den Haur Eskola zerbitzuaren hizkuntza hautua.
2. Nafarroako  Parlamentuak Nafarroako Gobernua premia dezala, bere eskumeneko den Iruñeko Alde Zaharrean dagoen Haur Eskolak bere zerbitzua egoki dezala, hizkuntza-eskaintzaren aldetik, gurasoen eskaerara. Hau da, gurasoen aldetik euskarazko eskaera dagoen heinean, eskolaren funtzionamendua euskarazko eskaera horren arabera egokitzea, hain zuzen ere: euskaraz eskatzen dutenei, zerbitzua euskaraz eskaini ahal izateko beharrezko baliabideak jartzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...