2014/03/26

Eskaintza halako hiru da eskaera Iruñeko euskarazko haur eskoletan

Berria
2014/03/26

Euskalgintzako taldeek, Sasoia elkarteak eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuek jaso dituzte datuak, matrikulazio kanpainan

Udalari emanen dizkiote, eta lan saioa egiten ahaleginduko dira hiriko agintariekin


Euskarazko haur eskolen aldeko elkarretaratzea, Iruñeko udaletxearen aurrean, joan den otsailean. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

 
Edurne Elizondo, Iruñea
Guraso iruindar anitzek euskarazko haur eskolak nahi dituzte Nafarroako hiriburuko auzoetan beren seme-alabentzat. Ondorio hori mahai gainean jarri dute Nafarroako euskalgintzan ari diren taldeek, Sasoia elkarteak eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuek. Erakunde horiek guztiak eskaera ezagutzeko datuak biltzen aritu dira haur eskoletarako matrikulazio kanpainak iraun duen bitartean, Iruñean: denera, bostehun jaso dituzte. «Eskaintza halako hiru da eskaera», nabarmendu du Sortzen-eko Nafarroako koordinatzaile Gari Torregrosak.

Martxoaren 3tik 18ra aritu dira kanpaina abian jarri duten taldeetako kideak, txandaka, gurasoen erantzunak jasotzen, Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizateko Zerbitzuen egoitzan. Euskarazko haur eskolen alde jasotako bostehun erantzun horietatik, 21 bazter utzi dituzte, 2011n jaiotako haurren gurasoenak zirelako; hau da, datorren ikasturtean jada Haur Hezkuntzan ariko dira ume horiek. Bertze hamahiru gurasok bertze hainbat herritarako eskatu zuten haur eskola euskaraz, eta horiek ere, ondorioz, ez dituzte zenbatu.

Jasotako 466 eskaerentzat ez da tokirik izanen datorren ikasturtean Iruñeko haur eskoletan. Izan ere, eskaintza osoaren %11,7 baino ez da, gaur egun, euskaraz. Hau da, eskaintzen diren 1.399 tokietatik bakarrik 164 dira euskaraz. Iruñean dauden hemezortzi haur eskoletatik bi bakarrik dira hizkuntza horretakoak, eta biak daude auzo berean: Txantrean. Egunsenti haur eskolan 82 toki badira, eta bertze 82 Izartegin.

«Urtero, Iruñeko Udalak uko egin dio euskarazko haur eskolen eskaera neurtzeari. Badakitelako handia dela, eta, txikia izanda ere, euskaldunoi auzoko haur eskolan gure hizkuntza hautatzeko eskubidea dagokigu», ohartarazi du Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide Gorka Iriartek.

Joan den larunbatean ere, iruindarrek euskaraz bizitzeko eskubidea eta gogoa aldarrikatu eta zabaldu zituzten, hiriko karriketan egindako manifestazioan, Iriartek gogora ekarri duenez. Euskarazko haur eskolak izateko beharra nabarmendu zuten, bertzeak bertze, protesta horretan. Iruñean aspaldikoa da herritarrek euskarazko haur eskolen alde sortutako mugimendua, eta azken hilabetean karrikara ere atera dira auzoetako gurasoek osatu duten plataformako kideak.

Iruñeko Udalari hainbat aldiz eskatu diote orain euskalgintzak, sindikatuek eta Sasoiak egin dutena; hau da, eskaera ezagutzeko datuak jasotzea eta erantzuna ematea. Baina, orain arte, ez dute lortu urratsik udalaren eskutik. Benetako eskaera mahai gainean jarri nahi ez izatea egotzi diete Iruñeko agintariei. «Orain erori dira mozorroak; agerian gelditu da egia, izen eta abizenekin: 466 eskaera jaso ditugu, eskaintzen dituzten 164 toki horiek baino 302 gehiago», nabarmendu du Torregrosak.

Elkarlanaren eskutik

Euskalgintzak, Sasoiak eta sindikatuek egin duten kanpainaren arrakasta nabarmendu du Kontseiluko kide Maite Indak. «Herritarrek euskaraz bizi nahi dute, eta jaso ditugun datuek hori uzten dute agerian». Lan horretan elkarlanean aritu diren taldeen ahalegina ere eskertu du Indak. Denera, hain zuzen ere, martxoaren 3tik 18ra, 48 lagun aritu dira gurasoen artean euskarazko eskaerari buruzko datuak hartzen, txandaka.

«Bostehun eskaera jaso ditugu, eta gu ez gara saiatu inor konbentzitzen», azaldu du Indak. Galdera zehatza egin zieten matrikulazio kanpainaren harira Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate Zerbitzuen egoitzara hurbildu ziren gurasoei: ea auzoan haur eskola euskaraz izanez gero harat eramanen ote lituzketen seme-alabak.

Eskaera jasotakoa baino zabalagoa izan daitekeela ohartarazi dute euskalgintzako kideek, guraso guztiek ez dutelako bulego berera jo haurren izena ematera. Ondorioz, euskararen aldeko hautua azaldu nahi duten gurasoei posta elektronikoaren bidez azaltzeko aukera eman diete, haureskolakeuskaraz@hotmail.com helbidean.

«Iruñeko auzo guztietan behar ditugu euskarazko haur eskolak. Herritarren eskubide bat da; zerbitzu publiko bat da, eta administrazioak bermatu behar du», nabarmendu du Kontseiluko ordezkariak. Hori da, haren ustez, datuen bilketak agerian utzi dituen ondorio nagusietako bat.

Proposamen hori mahai gainean jartzeko, hain zuzen ere, jasotako datuak Iruñeko Udalari emanen dizkiote euskalgintzako taldeek eta kanpainan parte hartu duten bertze elkarteetako ordezkariek. Haien asmoa da lan saio bat egitea Iruñeko Udaleko arduradunekin, euskarazko haur eskolaren auzia jorratzeko, eta, behingoz, «egungo egoera atzean utzi ahal izateko». «Hori exijituko diogu udalari», erran du Gari Torregrosak, eta orain arte jarritako oztopoak salatu ditu. «Egoera aldatzeko beharra dago».

 

Eskariak auzoz auzo

Auzoa
Eskariak
Etxabakoitz
8
Donibane
43
Mendebaldea - Irunlarrea -Ermitagaña
15
Iturrama
20
Txantrea
35
Ezkaba
8
Arrotxapea
83
Buztintxuri
46
Sanduzelai
19
Mendillorri
45
Azpilagaña - Arrosadia -Milagrosa
36
Alde Zaharra
64
Lezkairu - Erripagaina
13
Zabalgunea
31

Guztira
466

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...