2014/02/28

Euskarazko haur eskolen eskaera zehazteko datuak jasoko dituzte

Berria
2014/02/26

Iruñeko euskalgintzak jarriko du martxan kanpaina, martxoaren 3tik 18a bitarte, Erraldoien Txokoan

Edurne Elizondo Iruñea
Gurasoen protesta, euskarazko haur eskolen alde. / JAGOBA MANTEROLA / ARP

Iruñeko haur eskoletan martxoaren 3tik 18a bitarte izanen da aukera izena emateko; matrikulazio epe hori baliatuko dute euskalgintzako hainbat taldek eta sindikatuk ere euskarazko haur eskolen eskaera zenbatekoa den zehazteko. Gurasoei galdetuko diete, zuzenean, zein auzotan eta zein hizkuntzatan nahi dituzten haien seme-alabentzako haur eskolak. Iruñean hemezortzi haur eskola daude, eta bi bakarrik dira euskarazkoak. Iruñeko Udalak «eskaera falta» argudiatu du beti euskarazko zentro gehiago ez zabaltzeko.

Kontua da eskaerarik ote dagoen jakiteko urratsik ez duela egin udalak. Horixe salatu dute martxoaren 3an abiatuko den kanpainan bat egin duten taldeek: LAB, ELA eta EILAS sindikatuek, Sasoia elkarteak eta euskalgintzako hainbat elkartek, tartean Kontseiluak, Sortzen-ek, IKAk eta AEK-k. «Azken urteotan herritarrak izan dira eskaeraren berri izateko urratsak egin dituzten bakarrak», nabarmendu du AEK-ko ordezkari Asier Biurrunek, parte hartzaile guztien izenean.

Arrotxapea auzoan, adibidez, 2.500 sinadura jaso zituzten hango haur eskola berria ingelesezkoa izan beharrean euskarazkoa izateko. Udalak, hala ere, ez zituen kontuan hartu. 2011n, berriz, Alde Zaharreko 70 familiak azaldu zuten haien seme-alabak euskarazko haur eskolara eramateko asmoa. Eskaera hori ere ez dute aintzat hartu Iruñeko agintariek.

Iruñean dauden hemezortzi haur eskoletatik hamahiru dira udalarenak: lau dira gaztelaniaz ingelesezko ekintzekin; zazpi gaztelania hutsean; eta bi, berriz, euskaraz. Bi horiek auzo berean dira, Txantrean, alegia. Nafarroako Gobernuak kudeatzen ditu bertze bost haur eskolak, eta bostak dira gaztelaniazkoak. «Euskaraz askoz ere toki gutxiago dago, eta daudenak, gainera, auzo bakarrean daude», salatu du Biurrunek. Ondorioz, haien seme-alabak haur eskola horietara eraman nahi dituzten gurasoek bidaia luzeak egin behar izaten dituzte, anitzetan, bertze hainbat auzotatik joan behar dutelako Txantreara.

Datuak udalarentzat

Iruñeko Udalak «benetako eskaera» ezagutzeko orain arte mahai gainean ezarri ez dituen baliabideak kanpaina abiatu duten taldeetako kideek jarriko dituzte gurasoen esku. Haur eskoletan izena emateko agiriak Erraldoien Txokora eraman behar dituzte gurasook, Descalzos karrikara; han izanen dira euskalgintzako taldeak ere, eta aukera emanen diete nahi duten aukera idatziz azaltzeko. Blog bat jarri dute martxan, gainera, bete beharreko fitxak eskuratu ahal izateko (http://haureskolakeuskaraz.wordpress.com/), bai eta helbide elektroniko bat ere (haureskolakeuskaraz@hotmail.com), fitxa horiek helarazteko. Jasotako datu guztiak Iruñeko Udalari bidaliko dizkiote.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...